2009-12-09

OINEZMODA



SARASATE PASEALEKUKO DENDA ETA ATARRABIAKO KALE NAGUSIKO DENDEN ORDUTEGIAK:


Astelehenetik ostiralera:


17.00etatik 20.00tara

Larunbatetan:

11.00etatik 13.30etara
17.00etatik 20.00etara


Abenduaren 23 eta 24an goiz eta arratsaldez irekiko dira.


ZEZEN PLAZAKO AZOKA (abenduaren 3tik urtarrilaren 5era) :


10.30etatik 14.00etara

16.30etatik 22.ooetara


2009-11-30

“Klik egiozu euskarari”


Urtero legez, Euskararen Nazioarteko Egunerako (ENE), abenduaren 3an, hainbat ekimen martxan jarri dira.

Aurtengo edizioaren helburua Interneten sortutako sare sozial berrietan (Tuenti, Twitter eta Facebook) euskararen erabilera bultzatzea da. Horretarako, “Klik egiozu euskarari” lemapean, blog bat egokitu da atxikimenduak jasotzeko.

Blogean zure ekarpenak uzteko gonbitea luzatzen dizugu: Klik egiozu euskarari!!!!

www.eusko-ikaskuntza.org/ene/

2009-11-27

ATARRABIAKO DENDA ZABALIK!


Bihar, azaroak 28, goizeko 11etan, Nafarroa Oinez 2010eko denda zabalduko dugu Atarrabiako kale Nagusian (elizaren parean). Laster Iruñeko Sarasate pasealekuan 2. denda bat ere zabalduko dugu. Arropa zoragarria salgai izanen duzue, anima zaitezte!

Este sábado, 28 de noviembre, a partir de las 11 de la mañana inauguraremos la tienda de Villava del Nafarroa Oinez (frente a la iglesia). Proximamente abriremos la del Paseo Sarasate de Pamplona.

2009-11-23

MENDI TALDEA UREDERRAN

Asteburuan Paz de Ziganda ikastolako mendi taldea Urederran izan da.
Honen berri jasotzeko eta argazkiak ikusteko bisitatu haien bloga.


PdZ Mendi Taldearen bloga

2009-11-22

IKASLE OHIEN TOPAKETA GIRO PAREGABEAN OSPATU ZEN

Nafarroa Oinez 2010eko lehen ekitaldia

Paz de Ziganda Ikastolak 550 ikasle ohiak bildu ditu festa batean



Paz de Ziganda ikastolako patioa 550 ikasle ohiez eta haien irakasleak izan direnaz bete zen poz eta urduritasunen artean. 1964 eta 1993. belaunaldi bitarteko ikasle ohiak bere ikaskideak topatzeko gogoz eta urte askotan ikastolara bueltatzeak sortu zien urduritasuna soma zitekeen.

Ikastolan bere 40 urteko historian aritu diren guztiak, bai ikasle zein irakasle eta kooperatibista omentzea da Nafarroa Oinezeko helburuetako bat, eta belaunaldiz belaunaldi bertako ikasle izandako asko bertaratzea lortu zuten.

Ordubatean hasi ziren ikasle ohiak ikastolara hurbiltzen eta bertan aurpegi ezagunen bila zebiltzan bitartean, ikastolako patioan taldea osatu ondoren agurra eskeini zieten ikastolako dantzariek txalapartaz eta albokaz lagunduak. Ondoren zilindroan kokatu zen belaunaldi bakoitzeko paneletan ikasle ohiek ekarritako ikastolako argazkiak zintzilikatzeko aukera izan zuten, modu horretara erakusketa hunkigarri bat osatuz. “Gelako bakarrak izateko beldurrez etorri gara baino gure urtekoak topatzean poz handia sentitu dugu” zioten Maite eta Jaione ikasle ohiek.

Jantokia prest zegoen dagoeneko bazkal ordurako, bertan bideo irudi batzuk eskeintzen ziren bitartean parte hartzaile guztiak eseri eta irudiak disfrutatu zituzten. “Aspaldian ikusi ez ditudan ikastolako gelakideekin elkartzeak poz handia eman dit. Horrelako topaketa gehiago egitea espero dut” zioen Estitxuk, ikasle ohia eta ikastola bertako bulegari denak. “ Ze poza hainbeste ikasle ikustea denak ikastolan urteak pasa eta gero”zioen berriz Mertxe irakasleak.

“Topaketa oso hunkigarria izan dela pentsatzen dugu, belaunaldi oso ezberdinak parte hartu dutelako. Ikastolako hasierak ezagutu zutenek eta orain dela gutxi gure geletatik atera direnek ere. Lehendabiziko horiek berrogeita luze urte dituzte, eta besteek, berriz, hamazazpi. Denek, dena den, Paz de Ziganda ikastolako historiaren zati txikiak dira, eta halako aurkezpena merezi zuten, halako omenaldi xume bat ere merezi zuten. Hori baita, hain zuzen ere, ospakizun honekin, topaketa honekin, egin nahi izan duguna. Ekitaldi honen deialdia Ikastolan aritu diren guztiei helarazi genien, eta jaso dugun erantzuna benetan pozgarria izan da. Hori dela eta,agian, hau bezalako beste bat antolatu beharko genuke guraso ohiekin, haiek izan baitziren gure ikasteko eredua eta gure ikastetxea, kasu honetan Paz de Ziganda ikastola, guretzat aukeratu zutenek –adierazi zuen Iñaki Saenzek.



Gaur egungo guraso boluntario talde batek zerbitzatu zien dastatu zuten bazkaria, eta arkume txilindron erara jan ondoren, gizon-orkestra den Modestoren musikarekin bukaera eman zitzaion ekitaldiari.

2009-11-17

IKASLE OHIEN BAZKARIA


Larunbata honetan, azaroak 21, munduz mundu lemapean ikastolak Nafarroa Oinezeko lehenengo jarduera burutuko du: ikasle ohien bazkaria.

Jadanik 500 bat ikasle ohiek izena eman dute. Ikastolak, ekintza honen bitartez, 40 urte hauetan zehar ikastolaren alde lan egin duten hainbat familia omendu nahi ditu.

Ikasle ohi guztiei iraganeko argazkiak ekartzera animatzen zaituztegu.

Larunbatera arte

2009-11-06

Paz de Ziganda ikastolak 2010. urteko Nafarroa Oineza 'munduz mundu' lemapean aurkezten du

Paz de Ziganda ikastolak 2010. urteko Nafarroa Oineza “munduz mundu” lemapean aurkezten du

Lemak eta logoak euskararen unibertsaltasuna eta kultur ondare gisa duen balioa goraipatzen dute




Urriaren 18an Etxarriko Andra Mari ikastolaren eskutik lekukoa jaso ondoren, hemeretzi urte beranduago ikastolen festa Atarrabiara itzuliko da. Aukeratutako lemak eta logoak euskararen balio unibertsala eta gizateriaren kultur ondare gisa duen balioa azpimarratu nahi dute. 2010. urtean Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolak, bere historian bigarren aldiz, Nafarroa Oineza antolatuko du, hain zuzen ere festak 30 urte eta ikastolak 40 urte betetzen dituen urte berean.

· Gainditu gabeko erronka: batxilergoa

1991. urtean “Euskaraz Bizi” lemapean antolatu zuen Atarrabiako ikastolak lehen aldiz Nafarroa Oineza. Ia hogei urtez Dominikotarren eraikin zaharkitu bat errentan izan ondoren, 1991eko Oinezean lortutako diruarekin gaur egungo ikastolaren lursailen zati bat ordaindu zen. Aurreko eraikinaren egoera eskasak eta Atarrabian ematen ari zen hirigintza berrantolaketak bultzatu zuten 1995ean Ikastola gaur egun dagoen ingurura. Hiru eraikuntza hauek aurrera eramateko onartutako zor handiak gaur ikastolaren helbururik nagusiena den Batxilergoaren ezarpena alde batera uztea behartu zituen garaiko arduradunak. Gaur egun Batxilergoa aurrera ateratzeko gela berriak behar dira, oraingo eraikin nagusiaren luzapenaren bidez lor daitezkeenak. Hala ere, ez da hau dagoen behar bakarra, Haur Hezkuntzaren inguruko patioaren zati bat estali behar da eta erabilpen anitzeko gela bat ere beharrezkoa litzateke. Gogoan izan behar dugu 1991. urteko ekitaldi hartan Nafarroako Gobernuaren Lehendakaria zen Juan Cruz Allik hartu zuela parte eta berriro eman ez den mugarri bat izan zela. Partehartzeari dagokienez ere, Oinez hark jauzi kuantitatibo garrantzitsua suposatu zuen. Gero urtez urte gorantz joan da partehartzea eta Nafarroa Oinez euskatzaleen bilgune bihurtu da.


· 40 urteko historia

Maria Paz de Ziganda y Ferrer euskal kultura eta hizkuntzaren alde lan egin zuen emakumea izan zen. Haren omenez, ikastolak 1970ean Paz de Ziganda izena hartu zuen. Ikastola Uxueko Andra Mari (1965. urtean sortua) ikastetxearen banaketaren ondorioz sortu zen eta Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteak babestu zuen. Urte batzuetan Iruñeko pisu eta lokal desberdinetan kokatu ondoren, lehen aipatutako Atarrabiako Dominikotarren komentuan ezarri zen. Beraz, Oinezak bere 30. urtea ospatzen duen urte berean, ikastolak 40. urteurrena ospatuko du, horregatik 2010. urtean zehar jaialdi eta ekintza kultural desberdinak antolatuko ditugu. 40 urte hauetan ikastolan aritu diren ikasle, irakasle eta kooperatibistak elkartuko ditugu. Hain zuzen ere, azaroaren 21eko ikasle ohien bazkaria izanen da 2010. urteko Nafarroa Oinezaren lehen ekitaldia. Paz de Ziganda ikastolan, gaur egun, derrigorrezko hiru etapetan 2-16 urte bitarteko mila ikasle baino gehiagok ikasten dute. Giza ekimenetik sortutakoa izanik, bere inguruan sendo erroturik dago, ikasle gehienak Atarrabia eta Burlatakoak baitira, hiriburukoak edo inguruko herrietakoak ahaztu gabe, noski. Transmisiorako hizkuntza euskara izanik -gogoan izan ikastola honen aurreko Oinezaren lema “Euskaraz bizi” izan zela- Nafarroako Ikastolen Elkarteko beste ikastolek bezala, Paz de Ziganda ikastolak kultura eta hizkuntza aniztasunaren aldeko apustu garbia egin du, bertan gaztelera, ingelesa eta frantsesa hezkuntza proiektuaren ardatz garrantzitsua direlarik. Izan ere, aniztasun hau jaso nahi izan da logoan eta leman.

· Logotipoa eta lema: euskararen unibertsaltasuna

Hegan doan globo bat -bertan Lurra marraztuta dagoelarik- aukeratu du Paz de Ziganda ikastolak Oinezaren logotzat. Leloa, berriz, “Munduz mundu” da. Antolatzaileen ustez, logoaren zein lemaren gakoa mundua da, hitza eta irudia berehala unibertsaltasunarekin, modernitatearekin eta etorkizunarekin erlazionatzen direlako. Euskara ez dela txokokeria adierazi nahi du, mundura zabaltzeko nortasun ikur bat baizik. Gogorazi nahi du euskara gizateriaren kultur ondarea dela. Errealitatearen isla garbia da. Orain beste zenbait ikastetxetan ezartzen ari diren hezkuntza ereduei aurrea harturik, badira urte batzuk ikastolek beren ikasleak lau hizkuntzetan prestatzen dituztela. Logoak eta lemak, beraz, elkarbizitza linguistiko horren oroigarri izan nahi dute, nazioarte mailan sariak ere eskurarazi dizkiona (President´s Award 2006). Halaber, euskara sona duen hizkuntza dela adierazi nahi dute, unibertsitatean lekua duelako, baita gure mugetatik urrun ere; hala nola, Boise eta Renoko, Moskuko, Mexikoko, Erromako, Txileko, Argentinako, Uruguaiko, Poloniako eta Alemaniako unibertsitateetan irakasten den hizkuntza baita. Horrek adierazten du Euskal Herritik – euskararen herritik- atera diren bidaiari eta etorkin euskaldunek eutsi egin dietela beren hizkuntzari eta ohiturei eta horiek gordetzen jakin izan dutela. Mundua kontzeptua geografiatik haratago doa, eta bere baitan biltzen ditu arlo soziala eta laborala ere. Euskarak ere badu zeresana eremu honetan. Paz de Ziganda ikastolak ilusio handiz beterik jaso du Nafarroako ikastolen festa antolatzeko erronka. Horretarako, guraso boluntarioen ongi antolaturiko sare zabala osatu du. Azken finean, festa honekin kalitatezko heziketa euskalduna badugula ospatu nahi da, eta heziketa euskaldun hori babesteko gogor lan eginen duela adierazi du ikastolak, beti ere gizarteari festa eder bat oparituz.

Ready for a Story